Euskal Herria – Txekiar Errepublika – Polonia / Uztailak 7

Goiza Euskadiko herri kirolak ezagutzera emateko erabili dugu. Soka tira, lokotsak, txingak, makilak bira eta beste hainbat froga egin ditugu lehiaketan zehar. Kuriosoa izan da txekiar eta poloniarrak gorri gorri ikustea, soka apurtzeko zorian.

Arratsaldean Bilbo bisitatzera eraman ditugu lehenengoz. Bisita gidatua izan dugu, Bilboren historiari buruz zerbait jakiteko. Etxebarria parketik hasita, hiriaren ikuspegi ederra izan dugu. Ondoren, San Antongo zubira joan gara eta Bilboren fundazioari buruzko hainbat xehetasun eman dizkigute: 700 urte atzera egin ditugu, XIV. mendeko zazpi kaleak nolakoak ziren irudikatuz. Bisitarekin bukatzeko, denbora librea izan dugu erosketak egin eta pintxoak dastatzeko!

Egunari bukaera eman diogu gynkana bat eginez, elkarlanaren bitartez froga guztiak arrakastaz gainditu ditugu. Ohera aurretik, erlaxazio ariketak egin ditugu.